ABUZTOCK jaialdia herritarren ahotsa entzunarazteko

GURASOSek erraustegiari buruz erabakitzeko prozesu bat irekitzeko eskaerari ezezkoa eman dio Aldundiak. Erabaki honek herritarrenganako begirune eza adierazten duela uste du guraso elkarteak eta erantzun moduan gizarteari dei egiten dio bere ahotsa entzunarazi dezan. Horretarako ABUZTOCK errebolta baketsua jaialdia antolatu du irailaren 4ko arratsaldean Donostiako Gladys enea parkean (Cristina Enea). Bertan, gizarteko hainbat ordezkariren interbentzio laburrak eta musika emanaldiak egongo dira. Garbiñe Biurrun, Arantxa Urretabizkaia, Jabier Muguruza, Iban Zaldua eta Bide Ertzean taldea izango dira bertan parte hartuko duten batzuk.

 Abuztock A3GURASOSek pasa den uztailaren 5ean eztabaida eta parte-hartze prozesu bat eskatu zuen formalki, erraustegia egin edo ez egin bere baitan hartuko lukeena. Eskaera horretan eztabaida hori egin arte obren lizitazioa gelditzeko eskaera egin zuen. Uztailaren amaieran Diputatuen Kontseiluak gure eskaera atzera bota duela jakinarazi zigun, eta obren lizitazioekin aurrera jarraitzen du.

Gauzak horrela, hondakinen kudeaketari buruzko gatazka batetik gatazka demokratiko batera pasa garela uste dugu. Horregatik zera uste dugu:

  • Herritarra eta bere eskubideak errespetatzeko garaia dela.
  • Zientzialari eta teknikoak entzuteko garaia dela.
  • Eztabaidatu, hausnartu, informatzeko… garaia dela.
  • Osasuna gehien bermatuko duen irtenbidea aurkitzeko eskubidearen garaia dela.
  • Gai honi buruz parte-hartze prozesu bat irekitzeko garaia dela.
  • Mobilizatu eta errebolta egiteko garaia dela. Gizartearen ahotsa ozena bada, parte-hartze prozesua egingo da.

Herritarren kopuru garrantzitsu batek modu adeitsuan eta lege tresnak erabiliz eztabaidatzeko eta parte-hartzeko egindako proposamenari emandako ezezkoak erantzun bat behar duela uste dugu. Eta lizitazioa udan egitea antidemokratikoa eta errefusatzeko modukoa dela uste dugu.

HERRITARRON GARAIA

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezezkoa jaso eta hurrengo egunean bertan, oinarrizko eskubideen babeserako prozedura berezia erabiliz, errekurtsoa jarri genuen parte-hartze eskubidea defendatzeko. Foru Aldundia, errekurtso hori prozedura berezi horretatik tramitatzearen aurka azaldu zen, baina abuztuaren 17an bi aldeen konparezentzia egin ondoren, epaileak atzera bota zuen Foru Aldundiaren eskaera. Beraz, prozedura bereziak aurrera jarraitzen du eta tramitea ematen digutenetik 8 egun izango ditugu demanda egiteko.

Pozik gaude epaia gure aldekoa izan delako, baina argi utzi nahi dugu bide juridikoa ez dela GURASOSen biderik garrantzitsuena, gizarte mobilizazioaren osagarri bat baizik.

woodstock-1969_7
Woodstock, 1969

Hau da, epaitegiak ez dira izango arazo hau konponduko dutenak. Herritarroi dagokigu egungo egoera aldatu eta benetako parte-hartze prozesu batera iristea, hondakinen arazoa kontsentsu bidez konponduz, akordio sozial eta politiko bat lortzeko. Hau guzti hau, gure seme-alaben eta gizarte osoaren osasunarentzako babes handiena bilatuz, hots, erraustegiaren eraikitzea alde batetara utziz.

Harria gizartearen teilatuan dago. Gizartea eztabaida sozial eta akordioaren alde mugitzen bada, ordezkari politikoek jakingo dute egoera horretara beraien erabakiak egokitzen.

ABUZTOCK

Hau guztiagatik, Demokrazia, Eztabaida eta Adostasunaren aldeko Jaialdia antolatuko dugu “Osasuna lehendabizi. Guk erabakitzen dugu, entzungo gaituzte” izenburupean. Gizarteari dei egiten diogu modu zibilizatu eta tinkoan erantzun dezan. Ez zaigu zilegi iruditzen ere lizitazioa udan martxan jarri izana, eta horri erantzuteko ere antolatu nahi izan dugu lehenbailehen ekitaldi hau, jakiteko jendea bere eskubideak babesteko prest dagoela urte guztian zehar.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Argazkia: Iñaki Zapata

Irailaren 4an Donostiako Gladys Enean (Cristina Enea parkean) egingo dugu, arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara, eta 70. Hamarkadan iraultza eta bakearen ikur bihurtu zen “Woodstock” jaialdiari keinua egiten dio, bai eta Donostia 2016ko hiriburutzari ere.

Gonbidapen bat da, herritarrek modu baketsuan eta gizatasunez gure desadostasuna adieraz dezagun eta gure parte-hartzeko eskubidea aldarrikatu dezagun. Errebolta baketsu bat izango da. Dei egiten diogu gizarte osoari ABUZTOCK jaialdira etor dadin. Horretaz gain, zabalkundean laguntzeko eskatuko diegu: gure web gunera sartu (www.gurasos.org), kartela jaitsi eta beraien inguruan jartzen laguntzea izugarri eskertuko dugu.

IMG_2727

Ekitaldian gizarteko hainbat ordezkariek parte-hartzeko eskubidea, gizarte kohesioa, osasunaren lehentasuna, haurren babesa, ingurumenaren babesa eta oinarrizko eskubideei buruzko interbentzioak egingo dituzte formatu desberdinetan (monologoak, diskurtsoak, ipuinak, dantza…). Horiekin batera, musikariak ere arituko dira jotzen. Hona hemen jaialdi honetan parte hartuko dutenak (alfabetikoki):

  1. Izaskun Arandia (zinegilea)
  2. Ane Artetxe (musikaria)
  3. JoxAnton Artze (poeta)
  4. Amets Arzallus (bertsolaria)
  5. Ainara Azpiazu, Axpi (marrazkilaria)
  6. Eneko Balerdi (dantzaria)
  7. John Berkhout (musika taldea)
  8. Garbiñe Biurrun (epailea)
  9. Maialen Chourraut (piragüista)
  10. El Drogas (musikaria)
  11. Eñaut Elorrieta (musikaria)
  12. Iñaki Errasti (arraunlaria)
  13. Jakoba Errekondo (paisajista)
  14. Bide Ertzean (musika taldea)
  15. Mari Luz Esteban (UPV/EHU Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea)
  16. Esther & Steffan (musikariak)
  17. Alazne Etxeberria (aktorea)
  18. Pako Etxeberria (auzitegi-forentsea)
  19. Marcelino García (Stop Desahucios Hernani Andoain)
  20. Pedro Havoc (musikaria)
  21. Jose Luis Korta (arraunlaria)
  22. Joseba Larratxe, Josevinsky (marrazkilaria)
  23. Alberto Lizarralde (musikaria)
  24. Pedro Majol (musikaria)
  25. Nerea Mendizabal (psikologoa)
  26. Alberto Moyano (kazetaria)
  27. Jabier Muguruza (musikaria)
  28. Oreka TX (musika taldea)
  29. Petti (musikaria)
  30. Arantza San Sebastian (hezkuntza aholkularia eta idazlea)
  31. Iñar Sastre (pianojolea)
  32. Xabi Solano (musikaria)
  33. Arantxa Urretabizkaia (idazlea)
  34. Jesus Uzkudun (Amiantoagatik kaltetuetako elkarteko bozemailea)
  35. Zaldieroa, Patxi Huarte (marrazkilaria)
  36. Iban Zaldua (idazlea)
  37. Haimar Zubeldia (txirrindularia) 

GURASOSek aipatu du abuztua izanda ez dela izan erraza jendearekin harremanetan jartzea ekitaldian parte hartzeko, baina hala ere erantzuna izugarria izan dela azpimarratu du. Kasu batzuetan, bideo baten bidez parte hartuko dute.

Josevinsky eta Axpi marrazkilariek zuzenean margotuko dute.

Eskenatoki gaineko ikuskizunaz gain, haurrentzako txoko bat prestatuko da beraiek ere ekitaldian parte-hartu dezaten. Ipuin kontalaria entzuteko aukera izateaz gain, eskulanak egingo dituzte. Bertan egingo diren eskulanak eskuragarri gongo dira sinbolikoki jendeak eros ditzan, modu honetan, GURASOSen gastuei aurre egiten laguntzeko. Horretaz gain, ABUZTOCK ‪ jaialdiaren azpiegitura gastu eta gastu juridikoei aurre egiteko, GURASOSek kontu korronte bat ireki duela jakinarazi nahi du: ES18 30350140391400030208

Bestalde, jaialdira hurbiltzen diren guztiek aukera izango dute beraien iritzia adierazteko horretarako prestatuko ditugun liburuetan, eta baita sare sozialen bidez #ABUZTOCK traola erabiliz.

_XT12871
Nora Izagirre eta Joxe Mari Izeta, ABUZTOCK jaialdiaren aurkezpenean.

LEHENTASUN JURIDIKOAK

Hauek dira GURASOS –en lehentasun juridikoak. Aurrerago hauei buruzko xehetasun gehiago emango dizkizuegu:

  1. Erraustegiaren lizitazioaren kautelazko suspentsioa lortzea.
  1. Erraustegiaren Ingurumen Baimen Integratuaren iraungitze edo baliogabetzea lortzea bide administratibotik. Abuztuaren 29an gorako helegitea jarri dugu.
  1. Ingurugiro parte-hartze, hondakinen plangintza eta kontratatze gaietako Zuzentarauen ez-betetze larriengatik, kexak zuzenduko ditugu europar Batzordera.

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s