Herritarren ahotsa inoiz baino ozenago entzuteko garaia

GURASOSek erraustegiari buruz erabakitzeko prozesu bat irekitzeko eskaerari ezezkoa eman dio Aldundiak. Erabaki honek herritarrenganako begirune eza adierazten duela uste du eta gizarteari dei egiten dio, orain, inoiz baino gehiago, bere ahotsa entzunarazi dezan. Abuztuko azken asteburuan “ABUZTOCK” errebolta baketsua antolatu du, eta urrirako mobilizazio handi bat ari dira prestatzen. Era berean, Aldundiaren erabakiari eta lizitazioaren tramitazioari errekurtsoak jarri dizkiotela adierazi dute.

(Irakurri gazteleraz bertsio luzea)

PARTE-HARTZE PROZESUAREN ESKAERA

GURASOSek pasa den uztailaren 5ean eztabaida eta parte-hartze prozesu bat eskatu zuen formalki, erraustegia egin edo ez egin bere baitan hartuko lukeena. Eskaera horretan eztabaida hori egin arte obren lizitazioa gelditzeko eskaera egin zuen.

Data horretan aipatzen genuen ez genuela aurreikusten gure eskaera atzera botako zenik. Aldundiko ordezkariek, hausnarketa baten ondoren, eztabaida sozial eta herri borondatearen baten alde egingo zutela sinesten genuen, hondakinen kudeaketaren gaian adostasun batekin amaituko zena.

Donostia_Plaza_de_Guipúzcoa

Uztailaren 5eko agerraldiaren ondoren Lasa jaunak bilera baterako deia egin zigun, eta uztailaren 21erako geratu ginen, arratsaldeko 16:00etan. Era berean, Batzar Nagusietako talde guztiekin batera biltzeko geratu ginen hurrengo egunean. Uztailaren 21eko 15:15etan Lasa jaunaren idazkariaren deia jaso genuen bilera bertan behera geratzen zela jakinarazteko, zerbait urgentea sortu zelako.

Hurrengo egunean Batzar Nagusietako taldeekin bilera egin genuen. Bertan gai honen muturreko politizazioaren aurrean gaudela ondorioztatu genuen, eta GURASOS bezalako ekimenak beharrezkoak direla. Hau da, osasuna interes ekonomikoen gainetik jarriko duen gizarte kohesionatu bat lortzeko beharrezkoak direla horrelako ekimenak.

Diputatuen Kontseiluak uztailaren 28an egindako bileran gure eskaera atzera bota duela jakinarazi digu.

EGITEN DUGUN BALORAZIOA

  • Herritarrenganako begirune eza: Bileran hartu ez izanak eta eztabaida irekitzeari ezezkoa ematea herritarrenganako begirune eza adierazten duela uste dugu. Aurreko PIRUGa ez bada egikarituko azkenean, eta proiektua aldatu egin bada, derrigorrezkoa da legalki eta beharrezkoa politikoki gizartearen parte-hartzea. Beraz, ez da bidezkoa lizitazioa martxan jartzea.
  • Demokrazia ordezkagarriaren porrota. Gizarte kohesioa bilatu beharrean, irabazle eta galtzaileen gatazka sustatu da. 14 urte pasa dira PIRUGak jartzen duena egikaritu gabe, baina orain ez dute beste 6 hilabete “galdu” nahi herritarrek bultzatutako akordio bat lortzeko.
  • Aldundiko gobernuaren jarrera ahula. Lizitazioarekin aurrera egitea eztabaida bat ireki aurretik posizio ahula erakusten duela iruditzen zaigu. Eztabaida ez badute zabaltzen, emaitza beraiek nahi ez dutena izango dela badakitelako da.
  • Aldundiak aipatzen duen gehiengo demokratikoa eztabaidagarria da, eta ezin du aurrez aurre jarri herritarrek parte-hartzeko duten eskubidearekin kontrajarri.
    • Lehiaketara aurkezten duten proiektua ez da eztabaidatu eta onartua izan Batzar Nagusietan.
    • Egun erraustegia lizitatzea sustatzen duten alderdiek ez zuten proiektu honen apustu argia egiten Batzar Nagusietako 2015eko hauteskundeetan.
    • Zenbakietara bagoaz, 556.038 gipuzkoarren erroldatik 195.134ek (%35,09) ez zuten bozkatu, eta aldundiko gobernuan dauden alderdiei 171.979ek bozkatu zieten. Azken hauek erroldaren %30a osatzen dute gutxi gora behera.
    • Ez da zilegi alderdiek beraien boto-emaileak gatibu edukitzea.
    • Osasunarekin lotutako kontu guztietan informatutako baimena eduki behar dute. Hau da, erraustegiak osasunarengan izan ditzakeen eraginei buruzko informazio guztia jakiteko eskubidea dugu.
    • Osasun edo gure seme-alaben segurtasun kontuetan gu gara arduradunak, eta inork ez gaitu ordezkatzen.
    • Ahaldun Nagusiak 2015eko hauteskunde kanpainan “Gipuzkoa gobernatzeko era berritzeko apustua” egin zuen, eztabaida prozesuei aipamen zuzena eginez.
    • Ze legitimazio zuten Atez Atekoa jarri edo ez erabakitzeko parte-hartze prozesua martxan jartzeko hainbat herrietako alderdi eta herritarrek? Guztia. Eta zergatik orain ez?

GURASOSek hondakinen gaiari irtenbidea emateko guztion arteko kontsentsua lortzea behar dela uste du, gipuzkoar guztion eta modu berezian haurren osasuna lehenetsiko duen akordioa.

Hondakinen kudeaketari buruzko gatazka batetik gatazka demokratiko batera pasa gara. Kudeaketa horri buruzko iritzi bat edo beste izan, gizartea matxinatu egin behar da bere hitza duela argi uzteko.

_XT10374

  • Herritarra eta bere eskubideak errespetatzeko garaia da.
  • Zientzialari eta teknikoak entzuteko garaia da.
  • Eztabaidatu, hausnartu, informatzeko… garaia da.
  • Osasuna gehien bermatuko duen irtenbidea aurkitzeko eskubidearen garaia.
  • Mobilizatu eta errebolta egiteko garaia da. Gizartearen ahotsa ozena bada, parte-hartze prozesua egingo da.

Baina ez dugu inor engainatu nahi. Ez da erraza. Ez da erraza izango. Baina gure manifestuan gure seme alabei esaten diegun moduan: “Badakit, gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogula denen artean, posible delako, gizarteak eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jarri nahi badute behintzat, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe”. Gizartea eta bere ordezkariak lanean jartzen bagara elkarrekin, ziur lortuko dugula.

GURASOS -ek lanean buru belarri jarraitzeko konpromisoa hartzen du, orain arte egin duen bezala, gizatasunez eta tinko. Gurea beste ekarpen bat da soilik, eta noski, arrakasta ez dago gure esku soilik: gizartean, gizarte mugimenduetan, erakundeetan, elkarteetan eta baita ordezkari politikoen elkar-ulertzean baizik.

Eta helburua lortuko badugu gurasoek, aitona amonek, izeba osabek, mugimenduek eta gizarteak osotasunean bere esku dagoen guztia egingo dutelako izango da. Mugitzeko garaia da, gure ordezkariei zer nahi dugun esateko garaia da, entzunak izateko garaia da, gizarteak hitz egiteko garaia da. Gure erantzukizuna da; ezin diegu hutsik egin datozen belaunaldiei.

MOBILIZAZIOAK

Herritarren kopuru garrantzitsu batek modu adeitsuan eta lege tresnak erabiliz eztabaidatzeko eta parte-hartzeko egindako proposamenari emandako ezezkoak erantzun bat behar duela uste dugu.

Eta lizitazioa udan egitea antidemokratikoa eta errefusatzeko modukoa dela uste dugu.

Horregatik Demokrazia, Eztabaida eta Adostasunaren aldeko Jaialdia antolatuko dugu “Osasuna lehendabizi. Guk erabakitzen dugu, entzungo gaituzte” izenburupean. Gizarteari dei egiten diogu modu zibilizatu eta tinkoan erantzun dezan.

Abuztock abuztuaren amaieran

woodstock-1969_7

Abuztuaren 27-28ko asteburuan egingo dugu, 70. Hamarkadan iraultza eta bakearen ikur bihurtu zen “Woodstock” jaialdiari keinua eginez, bai eta Donostia 2016ko hiriburutzari ere.

Badakigu erronka ez dela erraza gauden datengatik, baina hortxe datza bere espiritua. Gonbidapen bat da, herritarrek modu baketsuan eta jendartekotasunez gure desadostasuna adieraz dezagun. Errebolta baketsu bat.

Aieteko Jauregian antolatu nahi dugu (Bakea eta Giza eskubideen jauregian) bilera-piknik formatuan. Bertan artea, literatura, filosofia, zuzenbidea, kirola, gizarteko ordezkariek eta esateko duen edozeinek parte-hartzeko eskubidea, gizarte kohesioa osasunaren lehentasuna, haurren babesa, ingurumenaren babesa eta antzeko gaiei buruz 3 minutuko diskurtsoak egiteko aukera izango dute.

Horiekin batera, musikariak ere izango ditugu, gai hauei buruzko kantak eskainiko dizkigutenak.

Ekitaldi honetan parte hartu nahi duten guztiek jarri daitezela gurekin harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatziz.

 Urrian mobilizazio handia

Ikasturte hasierarekin batera gure informazio dinamikarekin jarraituko dugu ikastetxe, guraso elkarte eta abarretan. Era berean, sinadura bilketa ere berriro aktibatuko dugu. Era berean, hezkuntza mundutik abiatuta, urrirako mobilizazio handi bat egiteko asmoa dugu. Aurrerago emango ditugu xehetasun guztiak.

justicia-y-razon-1

EKIMEN JURIDIKOAK

Uztailaren 29an bi errekurtso jarri ditugu: alde batetik, Aldundiak parte-hartze prozesuari emandako ezezkoari, eta bestetik, lizitazioaren tramitazioa martxan jartzeari.  Gaur bertan (uztailak 29) tramitera onartu ditu helegiteak Donostiako Administrazio Auzietarako 2. Epaitegiak. 8-10 egun barru jakinaraziko dute erabakia.

Advertisements

One thought on “Herritarren ahotsa inoiz baino ozenago entzuteko garaia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s