GuraSOSek erraustegiaren eztabaida gizarteari bueltatzea eskatzen du, “gure seme alaben osasunarekin jolastea ez dugulako onartzen”

Erraustegiak osasunean izan ditzakeen ondorioak eman dituzte ezagutzera gaur jendez betetako Orona-Ideo gunean Fernando Palacios CSICeko zientzialariak eta GEIS/OITeko medikuek. GuraSOS taldeak antolatutako zabalkunde zientifikorako eta elkarrizketa sozialerako jardunaldiaren barruan kokatu dira hitzaldiak eta mahai-inguruak. GuraSOSek erraustegiaren eztabaida gizarteari bueltatu behar zaiola adierazi du, seme alaben osasuna delako jokoan dagoena.

Gaurko ekitaldira (2016ko maiatzaren 21a) bertaratuko ehunka osasuneko eta hezkuntzako profesionalek, familiek eta gurasoek informazioa jasotzeko, profesionalen iritzia ezagutzeko eta euren artean partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera izan dute.

Mapa batean erakutsi dute Donostian egin nahi den erraustegiak 30 km.ko eragin-eremua duela, Eusko Jaurlaritzaren erraustegiak ingurunean duen eraginari buruzko adierazpenean jasotzen den kutsaduraren sakabanatze-atmosferikoaren azterketan jasotzen den bezala. Denera, 201 ikastetxe eta 69.119 haur eta nerabe kokatzen dira Donostiako erraustegiaren eragin-eremu horren barruan.

FERNANDO PALACIOS:

Fernando Palacios CSIC-eko (Ikerketa Zientifikoen Goi Zentroko) zientzialari titularrak eskaini du gaurko dibulgazio-hitzaldi nagusia. Hasieratik azpimarratu du udal-hondakinen errausketak eta balioztatze energetikoak gai arriskutsu ugari pilatzen dituela erraustegien inguruetan, eta ingurumari hori 10 km baino handiagoa izan daitekeela.

_XT17106

“Ehunka gai arriskutsu airean egoten dira” azaldu du Palacios jaunak, “uretan, landaredian eta lurrean, eta kontsumitzen ditugun janarietan, eta gure gorputzean metatu ohi dira. Horren ondorioz gaitz eta patologia larriak sorrarazten dizkigute”.

Argi hitz egin du: instalazioen ingurumen baimen integratua tramitatzerakoan egindako ingurumenaren gaineko txostenek zera adierazi ohi dute: ez dela kalterik sortuko ez herritarren osasunean, eta ez ingurumenean. Baina ez dira sinesgarriak ez teknikoki eta ez zientifikoki.

Arautegiei eta kontrolei buruz ere hitz egin du:

Gai arriskutsuak ez dira igortzen airera erraustegi zaharretan bakarrik; erraustegi berrietan ere igortzen dira, azken hauek igortze-muga apalak eta zorrotzak izanagatik.

Udalerrietako hondakin mota berrien errausketan sortzen diren gai ikaragarri arriskutsuak instalazioetan ez dira kontrolatzen, indarreko arautegiak ez dituelako aurreikusten. Zaharra da arautegia, eta ez da berrikusten.

Europar Batasuneko arautegiak eta estatukideenak ere hondakinen gainean jartzen du baldintza gisa kudeaketa-instalazioek ezin dutela osasuna kaltetu, eta ingurumena ere ez. Alabaina, bistakoa da osasunaren gaineko inpaktuak gertatu ohi direla Europan udal-hondakinen balioztatze energetikoan diharduten instalazioen gaineko argitalpen zientifikoen emaitzen arabera. Horrek garbiro aditzera ematen du balioztatze energetikoa hautu arriskutsua dela herritarrentzat, nahiz eta Europar Batasunak justifikatu ohi duen hondakinen hierarkiatik bereizi ahal izatea, bizitza-ziklo ikuspegiagatik.

Hori guztia ikusirik, Palacios jaunak gomendio bat luzatu die bai osasun zerbitzuetako langile eta ordezkariei, bai hezkuntza arlokoei, bai administrazioei, eta baita familia eta herritarrei, oro har: ahal duten guztia egin dezatela Donostiako udal-hondakinen erraustegiaren eraikuntza eragozteko. Zeren, azkenean, eraikitzen bada, baimenak eta kontratuak izango ditu hark urte luzeetan jardunean aritzeko, eta horrek inguruan bizi direnen osasuna eta bizi-kalitatea kaltetuko du.

Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari ere igorri die mezu bat:

Hondakinak erraustearen alde daudenen justifikazioa izan ohi da hondakinak kudeatzeko beste alternatibarik ez dagoela. Egoera honen erantzukizunaren zati handi bat hondakinen prebentziorako programa gabeziak du. EAEk, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak oso serio hartu behar lituzkete 2008ko zuzentarautik eta 2011ko Hondakin Legetik eratortzen diren eginbeharrak. Bi arautegietan ezartzen da 2013ko abendua baino lehen hondakinen prebentziorako programa egin beharra, hain zuzen hondakinen sortze garaian eragiteko, eta hondakin-kopuruak gutxitzeko, ingurumenaren gaineko eta herritarren osasunaren gaineko eragin kaltegarriak gutxitzeko, eta halaber, hondakinak bihurtzen diren material eta produktuetan gai kaltegarrien sorrera gutxitzeko.

Aldi berean, gorago aipatutako agintariek, lehenbailehen, hondakinei buruzko ekonomia zirkularraren ereduko neurriak garatu beharko lituzkete, Europar Batzordeak Europar Parlamentu, Kontseilu, Batzorde Ekonomiko eta Sozialari eta Herrialdeen Batzordeari 2014ko irailaren 25ean jakinarazi bezala.

IÑIGO SUBERBIOLA:

Jardunaldietako 2. hitzaldia Iñigo Suberbiola medikuak eta GEIS/OITE taldeko kideak eskaini du. Erraustegia eta Osasuna Taldearen txostenaren eta ekimenaren aurkeztu ditu.

GEIS/OIET Gipuzkoako osasun arloko langile talde bat da. 2002. urteaz geroztik hiri hondakinen errausketaren eta giza osasunaren arteko harremana aztertzen duten nazioarteko ikerketa zientifikoak analizatzen dituzte. Soilik ikuspuntu mediku eta zientifikotik.

_XT17150

Erraustegiak giza osasunean ondoriok hauek izan ditzakeela aipatu du Iñigo Suberbiolak hitzaldian:

  1. Osasuna ingurugiroari eta inguruneari estuki lotuta dago. Giza minbiziaren %90 baino gehiago ingurune faktoreen ondorio dira.
  2. Errauste planta guztiek, modernoak izanda ere, toxikoak eta kutsatzaileak isurtzen dituzte. Toxiko horiek patologia anitzak eta minbizia sor dezakete.
  3. Toxiko horien dosiek, legeak agintzen duen mugen barruan egonda ere, gaixotasunen areagotzea dakarte eta hilkortasunaren handiagotzea ere baieztatu da.
  4. Hiri hondakinen inguruan bizitzeagatik agertzen diren gaixotasun handitzeak gaur egungo literatura medikoan ere agertzen dira. Gaur egun eraikitzen den erraustegi baten inguruko biztanleek, hemendik urte batzuetara izango dituzte patologiak. Bereziki kalteberak dira haurrak, helduak eta patologia kronikoak dituztenak.
  5. Erabaki politikoekin 40 milioi heriotz saihestu ahal izango lirateke. Europan, hiru umeren heziotzatik bat ingurumen faktoreek eragindakoa da.
  6. Gure agintarien ardura da hiritar guztion osasuna babestea.

Nondik atera dituzte ondorio horiek?

GEIS/OEITeko medikuek 2004an idatzi bat argitaratu zuten, ordura arteko bibliografian oinarritua. Ikerketa haietan osasunarentzako arriskuak zeudela konturatu ziren eta agintariei jakinarazi zieten. Ondorioz, gure familien eta pazienteen osasuna bermatzeko, aurreikusten ziren bi erraustegiak ez egiteko eskatu genien. Idatzi hura Gipuzkoako 500 osasun profesionalek sinatu zuten.

Ondoren, “Errausketa eta osasuna. Estatu mailako simposium medikoa” burutu zen Donostian. Nazioartean prestigioa zuten zientzialariak gonbidatu zituzten eta Simposium hartako ondorioak argitaratu zituzten. Bertan, berriro ere, hiri hondakinen errausketak giza osasuna arriskuan jartzen duela ondorioztatu zen. Aipamen berezia egiten zitzaien erraustegiaren inguruan bizi diren herritarren minbizi eta heriotza tasen igoerari.

Bertan aterako ondorioak berretsi egin dituzte ordutik hona egindako ikerketekin eta bildutako informazioarekin. Azken hilabeteetan hainbat ikerketen emaitzak argitaratzen ari dira.

CEIS/OEITren ekimenak

Suberbiola jaunak azaldu duenez, “arduradun politikoekin biltzeko hainbat deialdi publiko egin ditugu. Esku artean daukagun informazioa helarazi nahi diegu. Izan ere, profesional modura, gure egitekoa da hiritarren osasuna zaintzea. Daukagun informazioa argitaratuko ez bagenu, ez genituzke hiritarrak zainduko”.

“Esku artean daukagun informazioarekin, Donostian erraustegiaren eraikuntzaren moratoria eskatzen dugu. Elkarrizketa eraikitzaile bat eratu nahi dugu hiritarren osasuna arriskuan jarriko ez duen emaitzak eta irtenbideak bilatzeko”.

_XP13470

Bi hitzaldi nagusien ondoren, hiru mahai-inguru egin dira Orona-Ideo gunean:

  • Ikerketa eta osasun arloko profesionalen foroa. Fernando Palaciosek eta GEIS/OEITko partaideak aritu dira bertan elkarrizketan, eta informazioa trukatzen eta sakontzen. Hauek bertatik eratorri direnak:
  1. Erraustegia osasun publikoaren kontua da. Osasun langile gisa, gure ardura dugu.
  2. Politikoei eskatu nahi diegu ekonomia ez edukitzeko ardatz bakar bezala.
  3. Norbanakook ardura dugu (bakarka zein kolektiboki) hondakinen hierarkiaren aplikazio egokiari dagokionez eta ekonomia zirkularraren sustapenean.
  • Hezkuntzako profesionalen foroa. Hauek bertatik eratorritakoak:
  1. Osasunerako eskubide a baldinbada umeen eskubide nagusia (eta hala da), ez da onargarria erraustegia egiteko asmoa izate hutsa.
  2. Erraustegia ez da jasangarria.
  3. Gurasoak antolatuz ikastetxeak inplikatu.
  4. Hezkuntza komunitatearen konpromiso aktiboa beharrezkoa da osasuna eta jasangarritasunaren alde.

Hezkuntza komunitateko eta sindikatuetako partaideak bildu dira foro honetan.

  • Gizarte foroa. Guraso eta herritarrekin batera, bi gonbidatu izan dira euren bizipenak kontatzen: Javier Navascués jauna, Rivas Aire Limpio (Madrid) plataformako burua eta Clara Perales andrea, Valdemingomezko erraustegiagatik minbizia duen kideetako bat, salaketa jarri duena erraustegiaren arduradunen aurka (izapidetzeko onartua).

_XT17285

Zabalkunde zientifikorako eta elkarrizketa sozialerako antolatu den jardunaldiari amaiera emateko, GuraSOSeko kideek azpimarratu dute gaurko ekitaldiaren xedea informazioa jaso eta askatasun osoz elkarrekin partekatzeko gune bat eskaintzea izan dela. “Elkarren artean izan ditzakegun ikuspuntu ezberdinen gainetik, gure ustez, denok elkarturik egon beharko genuke gure haur eta gaztetxoen osasuna babesteko saiakeran.

Gaia bideratzeko, GuraSOSek proposamen bat helarazi nahi dio gizarteari, bere manifestuan agertzen den bezala:

  1. Gure haurrak eta gaztetxoak babestea.
  2. Gaia despolitizatzea.
  3. Eztabaida gizarteari bueltatzea.
  4. Informazioa zabaltzea. Osasunari dagokion edozin gaietan bezala, gure haurren osasunerako kaltegarri izan daitekeen edozein ekimena onesteko, aurretik informazio nahikoa jaso behar dugu. (consentimiento informado).
  5. Liskar errealitate batetik, adostasun eta kontsensu errealitate batera pasa nahi dugu, non bermatuko den osasuna arriskuan jarriko ez dela.

Horregatik, gure manifestuan esaten den bezala: OSASUNA GUZTIZ BERMATUTA EZ DAGOELAKO, ETA PREBENTZIO ETA BABES PRINTZIPIOETAN OINARRITUZ, ERRAUSTEGIAREN ASMOA ALDE BATERA UZTEA ESKATZEN DUGU”.

_XP13474

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s